Badira bi urte luze TENPESTA-k argia ikusi zuela. Hilabete guzti hauetan zehar disko hartako kantei bizitza ematen aritu da beratarra, mota guztietako eszenatokietan Euskal Herriko mugetan barrena zein hauetatik kanpora. Bideari bakarrik ekin bazion ere, Felix Buff bateria jotzailea batu zitzaion eta bira bukatzen ari den honetan Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Xan Bidegain ere gehitu zaizkio bandara, GANG-ekin zuzeneko indartsua osatuz.
Azkenean ailegatu da disko berri bat osatzeko ordua, eta horretan dihardu azken asteetan. ‘Eguzkiari begietara so’ izena eramanen du lan berriak eta maiatzean ikusiko du argia. Garaten ekin dio lanari eta bere etxeko Gakobeltz estudioan zein Lyoneko Mikrokosm-en izaten ari da jarraipena.
Grabaketa
Orain arteko lanetan ez bezala kantuen ontze prozesuan musikari ugari izaten ari da ondoan. GANGen zuzenekoetan konplize izan diren lagunak aritu dira grabaketa gelan. Bestetik, emanaldi akustikoetan alboan izan duen Fernando ‘Lutxo’ Neiraren baxuaz eta teklatuez gozatzeko aukera ere izanen da hainbat kantutan.
Arlo teknikoari dagokionez, Garateko grabazio saioen eta kanta batzuen nahasketen arduraduna Martxel Arkarazo izan da. Bertze kanta sorta bat aldiz, Lyon-go Mikrokosm estudioan da Johannes Buff ingeniariaren eskutan.
Izaki arrotz hortara entzungai
Aurrekoekin alderatuz nabarmena da lan berrian ahotsek duten presentzia. Horren adibide gaurtik entzungai den “Izaki arrotz hortara” aurrerapen kantua. Distortsiodun gitarrekin jantzitako kantu melodiko honek Lenoirren unibertsoan ohikoa diren indarra eta intentsitatea ere batzen ditu.
Eskuratu aurrez diskoa
Dagoeneko zabalik da diskoa eskatzeko aukera. Aurrez erosten duzuenok, berekin batera kantuen bertsio biluziago bat jasoko duzue opari gisa zuen etxeetan, argitara emanen den egunean bertan.
Lan berri hau autoekoitzia izaten ari da hasiera-hasieratik, beraz, aurresalmentaren bidez grabazio eta argitalpen gastuei aurre egitea errazagoa izanen da.
Egin zure eskaria hemen:
argazkiak: Jon Iraundegi